2013(e)ko apirilaren 5(a), ostirala

Protagonistak hurbiletik



Ez da erraza mendi artean galdutako herri txiki batera iristea. Are zailagoa bidea ezagutzen ez duzunean. Halakoa izan zen asteazkeneko bidaia. Nora joango, zer topatuko, nor ezagutuko… ekin genion bideari. Erniope elkartean eginiko bileraren ostean abiatu ginen Ezamaun baserrira, gure protagonisten etxera. Bertan aurkitu genituen hiruak, mahaiaren bueltan eseri eta kontu-kontari. Hiru belaunaldi, hiru begirada eta milaka amets. Badute zer kontatua, badugu zer entzuna.


Bazuten proiektuaren berri, baina zehatzago aurkeztu genien, eta eskuzabalik hartu zuten, geu bezalaxe. Beraiek berriz, euren bizipen gazi-gozoak kontatu zizkiguten, irribarrez, esku keinuz, eta batez ere, indarrez lagunduta. Ia 900 kilometrora preso dagoen senitartekoaren oroitzapenak ere ez ziren falta izan. Bidaiako asteburua antolatzeari ekin genion gero. Egun oso bateko joan etorria daukagu aurretik, 40 minutuko bisita bat egin ahal izateko.

Bi ordu eta erdi igarotzerako maitemindu ginen gure pertsonaiez. Kosta egin zitzaigun elkar agurtu eta etxerako bideari ekitea. Hala esan zigun amonak, bina musu eman ostean: "maite zaitezte". 

Berriro beraiekin elkartzeko data zehaztua dugu: apirilaren 12a.

Bidaia hastera doa…

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina