2013(e)ko ekainaren 20(a), osteguna

Sarean dago jada IRRIA DARIO HAIZEARI dokumentala!

Kaixo, lagunak!

Pasa den ostegunean estreinatu zen Errezilen "Irria dario haizeari" dokumentala. Estreinaldira ehun lagun inguru bertaratu ziren. Bertan, luntx-a, dokumukentala burutu duen lan taldeko kide baten hitzartzea, dokumentalaren proiekzioa eta protagonistetako baten, BegoƱa Uzkudunen, hitzartzea izan ziren.

Jada ia astebete pasata, dokumentala sareratu dugu. Hain zuzen, vimeo-n nahiz youtube-n dago ikusteko nahiz deskargatzeko aukera.

Vimeo

Youtube

Behin dokumentala argitaratu dugula, berau ahalik eta gehien zabaltzea gustatuko litzaiguke. Horretarako, gaur egun euskarririk eraginkorrena internet eta bereziki sare sozialak direla uste dugu. Bertan hedatzeko, garrantzitsua da norbanako nahiz eragileen atxikimendua eta parte hartze aktiboa, eta ahal duzuen einean, zeuen laguntza eskertuko genuke.

Nolanahi ere, norbaitek udan zehar bere herri edo auzoan proiektatu nahiko balu, gu prest gaude dokumentalaren nondik norakoak azaldu eta Errezilen egin genuen moduko aurkezpen bat egiteko. Are gehiago, gustora asko joango gara.

Eskerrik asko era batera edo bestera proiektua gauzatzen lagundu diguzuen guztioi. Era berean, aldez aurretik eskerrak dokumetala sarean zabaltzen laguntzeagatik. Mila esker bihotzez!

2013(e)ko maiatzaren 23(a), osteguna

Dokumentala amaitu dugu!

Errodaia bukatuta, edizioari ekin genion, eta gaur, maiatzak 23, azkenean esan dezakegu, Irria Dario Haizeari dokumentala amaitu dugula. Orain datorren ekainaren 13ko estreinaldirako prestatzen hasiko gara. Lanean gaude jada (DVDak prestatzen, gure aurkezpena...), beraz, gogoratu ekainaren 13an denok Errezilera!

Hemen uzten dizuegu aurrerapen txiki bat.

2013(e)ko maiatzaren 13(a), astelehena

"Irria dario haizeari" ekainaren 13an estreinatuko da Errezilen

Azken astean gure blogean sarrerarik idatzi ez badugu ere, buru-belarri gabiltza dokumentalaren edizio lanetan. Hasieran, maiatzaren 16rako bukatuko genuela aurreikusi arren, edizio lanak maiatz amaierara arte luzatuko ditugu.

Era berean, ekainaren 13ko estreinaldirako gonbitea luzatu nahi dizuegu. Ostegunean, iluntzeko 20:30etan izango da, Borondegi kultur aretoan, luntxak lagunduta.

Hemen duzue festetako kartela:




2013(e)ko maiatzaren 2(a), osteguna

Edizio lanekin hastear gaude!


Pasa den ostiralean errodaia lanak amaitu ondoren, aste honetan material guztia berrikusi eta sailkatzen jardun gara. Berriro ere gure protagonistekin bizitako momentuak oroitu ditugu, eta milaka sentimendu bizi eta birgogoratu ditugu.

Ordu ugari irauten duen materiala hautatzen dihardugu egunotan, eta gaur amaituko dugu zeregin hori. Jarraian, edizio lanei ekingo diegu. Bi aste pasatxo ditugu “Irria dario haizeari” dokumentala amaitzeko.

Bestalde, mila esker orain arte proiektua egiten lagundu diguzuen guztioi, izan diruz, ideiaz, animoz… Zuei esker doa aurrera gure lantxoa!

2013(e)ko apirilaren 27(a), larunbata

Errodaia amaitu dugu!

Atzo Ezamaun baserrian izan ginen beste behin ere. Amaitu dugu errodaia! Anttoniren elkarrizketa grabatu genuen eta eguraldi kaxkarra dela eta buruan genituen hainbat kontu bertan behera utzi behar izan bagenituen ere dena primeran joan zen. 

Betiko moduan goxo-goxo hartu eta behar genuen guztian lagundu gintuzten familiakoek. Hunkituta bukatu genuen elkarrizketa, eta uneren batean begiak dir-dir ere izan genituen. Pozik gaude grabaketa lanak bukatu ditugulako, eta proiektua aurrera doalako, baina pena pixka batekin esan genien agur gure protagonistei. 

Orain daukagun materiala ikusi eta sailkatzeko ordua da! Badugu lana aurretik, baina gogotsu gaude! 

Laster izango dituzue berri gehiago! Bitartean gozatu atzoko errodaiako argazki hauekin. 



2013(e)ko apirilaren 22(a), astelehena

Napoka Iria


Blog honen sarreretan, sarritan aipatu dugu Irria Dario Haizeari dokumentala sentimenduetan oinarrituko dela; Maritxuren familiakoen sentimenduak azaleratu nahi ditugula. Eta zer hoberik sentimenduak azaleratzeko, musika baino? Nola ez, gure dokumentaleko atal garrantzitsua izango da musika ere. Hainbat aukerari bueltak eman ondoren, Napoka Iria taldearen musika erabiltzea erabaki dugu. Landuko dugun gaia janzteko, aproposak iruditzen zaizkigu talde gipuzkoarraren doinuak. Gogo onez eman digute beren musika erabiltzeko onespena, eta, hemendik, gure eskerrik beroenak.



Miren Narbaiza eibartarrak eta Ander Mujika elgoibartarrak osatzen dute taldea, 2005az geroztik. “Lehertarazi edifizioak” diska kaleratu zuten 2011. urtean. Hamar abestiz osatutako lana da: taldearen kantu zaharrak, berriak eta hainbat bertsio.   Bikoteak ez du euren burua estudioetako talde modura ikusten, zuzeneko talde gisa baizik. Horregatik, azken lan hori Bergarako Zabalotegi antzokian grabatu zuten, zuzeneko kontzertu batean, estudiotik kanpo.

Bere buruari etiketak jartzea ere ez dute oso gustoko, baina, euren hitzetan, “folk-rock akustiko” modura definitzen du haien inguruko jendeak Napoka Iriaren musika. Dena den, egiten duten musika definitzen hastea baino, hobe zuek entzutea. Taldearen Myspace kontuan azken laneko abesti guztiak entzun daitezke: http://www.myspace.com/napokairia.

Aurten, gainera, “ Itzal itzazu argiak” proiektuan hartu dute parte. Komikia eta blues musika uztartzea da proiektuaren helburua. Xabier Sagastak blues kanta klasiko bat hartu, eta komiki edo marrazki bat egiten du. Horrez gain, euskal taldeei eskatzen die kanta horren bertsio bat egiteko. Napoka Iriak bi kanta bertsionatu ditu proiektuaren barnean. Hemen dituzue entzungai: http://napokairia.bandcamp.com/album/itzal-itzazu-argiak-2


2013(e)ko apirilaren 18(a), osteguna

Info7 irratian elkarrizketatu gaituzte!

Gure proiektua aurrera doa! Aste honetan grabatutako irudiak ikusten aritu gara eta dokumentala bide honetik doala esan dezakegu! Errealizazio lanaz gain, bestelako zereginak ere egin ditugu.

Naiz
agerkari digitaleko Jolas! blogean agertu ondotik, uhinetara egin dugu salto. Izan ere, gaur goizean Info7 irratiko Kale Gorrian saioan Zazpiak Bat produkzio taldeko kidea den Izaro Zinkunegi Barandiaran elkarrizketatu dute. Irria dario haizeari proiektu dokumentalari buruzko galderak erantzun ditu: errodaia, finantziazioa, dokumentalaren iraupena...

Mila esker Info7 irratiko lagunei tartetxo hau egitearren!

Hemen
duzue entzungai elkarrizketa Info7 irratiaren web orrian.