2013(e)ko maiatzaren 23(a), osteguna

Dokumentala amaitu dugu!

Errodaia bukatuta, edizioari ekin genion, eta gaur, maiatzak 23, azkenean esan dezakegu, Irria Dario Haizeari dokumentala amaitu dugula. Orain datorren ekainaren 13ko estreinaldirako prestatzen hasiko gara. Lanean gaude jada (DVDak prestatzen, gure aurkezpena...), beraz, gogoratu ekainaren 13an denok Errezilera!

Hemen uzten dizuegu aurrerapen txiki bat.

2013(e)ko maiatzaren 13(a), astelehena

"Irria dario haizeari" ekainaren 13an estreinatuko da Errezilen

Azken astean gure blogean sarrerarik idatzi ez badugu ere, buru-belarri gabiltza dokumentalaren edizio lanetan. Hasieran, maiatzaren 16rako bukatuko genuela aurreikusi arren, edizio lanak maiatz amaierara arte luzatuko ditugu.

Era berean, ekainaren 13ko estreinaldirako gonbitea luzatu nahi dizuegu. Ostegunean, iluntzeko 20:30etan izango da, Borondegi kultur aretoan, luntxak lagunduta.

Hemen duzue festetako kartela:




2013(e)ko maiatzaren 2(a), osteguna

Edizio lanekin hastear gaude!


Pasa den ostiralean errodaia lanak amaitu ondoren, aste honetan material guztia berrikusi eta sailkatzen jardun gara. Berriro ere gure protagonistekin bizitako momentuak oroitu ditugu, eta milaka sentimendu bizi eta birgogoratu ditugu.

Ordu ugari irauten duen materiala hautatzen dihardugu egunotan, eta gaur amaituko dugu zeregin hori. Jarraian, edizio lanei ekingo diegu. Bi aste pasatxo ditugu “Irria dario haizeari” dokumentala amaitzeko.

Bestalde, mila esker orain arte proiektua egiten lagundu diguzuen guztioi, izan diruz, ideiaz, animoz… Zuei esker doa aurrera gure lantxoa!