2013(e)ko ekainaren 20(a), osteguna

Sarean dago jada IRRIA DARIO HAIZEARI dokumentala!

Kaixo, lagunak!

Pasa den ostegunean estreinatu zen Errezilen "Irria dario haizeari" dokumentala. Estreinaldira ehun lagun inguru bertaratu ziren. Bertan, luntx-a, dokumukentala burutu duen lan taldeko kide baten hitzartzea, dokumentalaren proiekzioa eta protagonistetako baten, BegoƱa Uzkudunen, hitzartzea izan ziren.

Jada ia astebete pasata, dokumentala sareratu dugu. Hain zuzen, vimeo-n nahiz youtube-n dago ikusteko nahiz deskargatzeko aukera.

Vimeo

Youtube

Behin dokumentala argitaratu dugula, berau ahalik eta gehien zabaltzea gustatuko litzaiguke. Horretarako, gaur egun euskarririk eraginkorrena internet eta bereziki sare sozialak direla uste dugu. Bertan hedatzeko, garrantzitsua da norbanako nahiz eragileen atxikimendua eta parte hartze aktiboa, eta ahal duzuen einean, zeuen laguntza eskertuko genuke.

Nolanahi ere, norbaitek udan zehar bere herri edo auzoan proiektatu nahiko balu, gu prest gaude dokumentalaren nondik norakoak azaldu eta Errezilen egin genuen moduko aurkezpen bat egiteko. Are gehiago, gustora asko joango gara.

Eskerrik asko era batera edo bestera proiektua gauzatzen lagundu diguzuen guztioi. Era berean, aldez aurretik eskerrak dokumetala sarean zabaltzen laguntzeagatik. Mila esker bihotzez!

2013(e)ko maiatzaren 23(a), osteguna

Dokumentala amaitu dugu!

Errodaia bukatuta, edizioari ekin genion, eta gaur, maiatzak 23, azkenean esan dezakegu, Irria Dario Haizeari dokumentala amaitu dugula. Orain datorren ekainaren 13ko estreinaldirako prestatzen hasiko gara. Lanean gaude jada (DVDak prestatzen, gure aurkezpena...), beraz, gogoratu ekainaren 13an denok Errezilera!

Hemen uzten dizuegu aurrerapen txiki bat.

2013(e)ko maiatzaren 13(a), astelehena

"Irria dario haizeari" ekainaren 13an estreinatuko da Errezilen

Azken astean gure blogean sarrerarik idatzi ez badugu ere, buru-belarri gabiltza dokumentalaren edizio lanetan. Hasieran, maiatzaren 16rako bukatuko genuela aurreikusi arren, edizio lanak maiatz amaierara arte luzatuko ditugu.

Era berean, ekainaren 13ko estreinaldirako gonbitea luzatu nahi dizuegu. Ostegunean, iluntzeko 20:30etan izango da, Borondegi kultur aretoan, luntxak lagunduta.

Hemen duzue festetako kartela:




2013(e)ko maiatzaren 2(a), osteguna

Edizio lanekin hastear gaude!


Pasa den ostiralean errodaia lanak amaitu ondoren, aste honetan material guztia berrikusi eta sailkatzen jardun gara. Berriro ere gure protagonistekin bizitako momentuak oroitu ditugu, eta milaka sentimendu bizi eta birgogoratu ditugu.

Ordu ugari irauten duen materiala hautatzen dihardugu egunotan, eta gaur amaituko dugu zeregin hori. Jarraian, edizio lanei ekingo diegu. Bi aste pasatxo ditugu “Irria dario haizeari” dokumentala amaitzeko.

Bestalde, mila esker orain arte proiektua egiten lagundu diguzuen guztioi, izan diruz, ideiaz, animoz… Zuei esker doa aurrera gure lantxoa!

2013(e)ko apirilaren 27(a), larunbata

Errodaia amaitu dugu!

Atzo Ezamaun baserrian izan ginen beste behin ere. Amaitu dugu errodaia! Anttoniren elkarrizketa grabatu genuen eta eguraldi kaxkarra dela eta buruan genituen hainbat kontu bertan behera utzi behar izan bagenituen ere dena primeran joan zen. 

Betiko moduan goxo-goxo hartu eta behar genuen guztian lagundu gintuzten familiakoek. Hunkituta bukatu genuen elkarrizketa, eta uneren batean begiak dir-dir ere izan genituen. Pozik gaude grabaketa lanak bukatu ditugulako, eta proiektua aurrera doalako, baina pena pixka batekin esan genien agur gure protagonistei. 

Orain daukagun materiala ikusi eta sailkatzeko ordua da! Badugu lana aurretik, baina gogotsu gaude! 

Laster izango dituzue berri gehiago! Bitartean gozatu atzoko errodaiako argazki hauekin. 



2013(e)ko apirilaren 22(a), astelehena

Napoka Iria


Blog honen sarreretan, sarritan aipatu dugu Irria Dario Haizeari dokumentala sentimenduetan oinarrituko dela; Maritxuren familiakoen sentimenduak azaleratu nahi ditugula. Eta zer hoberik sentimenduak azaleratzeko, musika baino? Nola ez, gure dokumentaleko atal garrantzitsua izango da musika ere. Hainbat aukerari bueltak eman ondoren, Napoka Iria taldearen musika erabiltzea erabaki dugu. Landuko dugun gaia janzteko, aproposak iruditzen zaizkigu talde gipuzkoarraren doinuak. Gogo onez eman digute beren musika erabiltzeko onespena, eta, hemendik, gure eskerrik beroenak.



Miren Narbaiza eibartarrak eta Ander Mujika elgoibartarrak osatzen dute taldea, 2005az geroztik. “Lehertarazi edifizioak” diska kaleratu zuten 2011. urtean. Hamar abestiz osatutako lana da: taldearen kantu zaharrak, berriak eta hainbat bertsio.   Bikoteak ez du euren burua estudioetako talde modura ikusten, zuzeneko talde gisa baizik. Horregatik, azken lan hori Bergarako Zabalotegi antzokian grabatu zuten, zuzeneko kontzertu batean, estudiotik kanpo.

Bere buruari etiketak jartzea ere ez dute oso gustoko, baina, euren hitzetan, “folk-rock akustiko” modura definitzen du haien inguruko jendeak Napoka Iriaren musika. Dena den, egiten duten musika definitzen hastea baino, hobe zuek entzutea. Taldearen Myspace kontuan azken laneko abesti guztiak entzun daitezke: http://www.myspace.com/napokairia.

Aurten, gainera, “ Itzal itzazu argiak” proiektuan hartu dute parte. Komikia eta blues musika uztartzea da proiektuaren helburua. Xabier Sagastak blues kanta klasiko bat hartu, eta komiki edo marrazki bat egiten du. Horrez gain, euskal taldeei eskatzen die kanta horren bertsio bat egiteko. Napoka Iriak bi kanta bertsionatu ditu proiektuaren barnean. Hemen dituzue entzungai: http://napokairia.bandcamp.com/album/itzal-itzazu-argiak-2


2013(e)ko apirilaren 18(a), osteguna

Info7 irratian elkarrizketatu gaituzte!

Gure proiektua aurrera doa! Aste honetan grabatutako irudiak ikusten aritu gara eta dokumentala bide honetik doala esan dezakegu! Errealizazio lanaz gain, bestelako zereginak ere egin ditugu.

Naiz
agerkari digitaleko Jolas! blogean agertu ondotik, uhinetara egin dugu salto. Izan ere, gaur goizean Info7 irratiko Kale Gorrian saioan Zazpiak Bat produkzio taldeko kidea den Izaro Zinkunegi Barandiaran elkarrizketatu dute. Irria dario haizeari proiektu dokumentalari buruzko galderak erantzun ditu: errodaia, finantziazioa, dokumentalaren iraupena...

Mila esker Info7 irratiko lagunei tartetxo hau egitearren!

Hemen
duzue entzungai elkarrizketa Info7 irratiaren web orrian.

2013(e)ko apirilaren 16(a), asteartea

Presoak eta sorkuntza

Preso politikoek bizi duten egoera latzaren inguruan asko idatzi zein filmatu da, genero desberdinetan gainera.

Literaturatik hasita, famatuena "Kartzelako poemak" poesia liburua dela esan genezake. Joseba Sarrionandiak espetxean zela idatzitako poema hauek, 70 kantu ingurutan musikatuak izan dira.




Genero dokumentalean zentratuz, famatuena ikasturte honetan Euskal Herriko zine pantailetan ikusgai izan dugun "Barrura Begiratzeko Leihoak" dela esan genezake. Bost ikuspegi desberdinetatik abiatuta, euskal preso politiko eta euren senide eta lagunen bizimodua azaleratzen du.




Nolanahi ere, aipatu lanen ospea ez izan arren, badira presoen inguruan egindako beste dozenaka lan ere. "0 km." proiektuak, esaterako, ikus-entzunezko euskarrien bidez dispertsioaren berri eman nahi du. Gari Berasaluze Berriako kazetariak, berriz, bisita baten bidean bere kamerari "rec" eman eta honako bideoa grabatu zuen.


Baso bat ur tantek betetzen dute. "Irria dario haizeari" dokumentalak ere, sakabanaketa azalerazteko tanta bat gehiago izan nahi du, laster, euskal presoek kantauriko kosta ikus dezaten.

2013(e)ko apirilaren 14(a), igandea

Itzuli gara!

Itzuli gara!

1676 km egin ondoren, Euskal Herrian gara berriro. Ordu gutxi egin ditugu lo, errodai ordu asko izan dira, baina oso pozik gaude!

Aurreratu bezala 8 ordutan iritsi ginen olibondoz inguraturiko Granadako Albolote espetxera, bidean egin genion elkarrizketa BegoƱari. 40 minutuko bisita, eta gero, ordu gutxitan, bueltan ginen berrio. Nekaturik baina baita irribarre batekin ere!

Oharra:
Sentitzen dugu bidaia bitartean mezurik jarri ez izana, baina internetarekin arazoak izan ditugu. Dena den, hementxe uzten dizkizuegu bidaian ateratako zenbait argazki:








Errezil-Granada. Granada-Errezil

Bidaiaren eguna heldu da jada! 

Atzo, larunbata, goizeko 3retan abiatu ziren taldekide batzuk gure proiektuaren oinarri izango den bidaia egitera. Jakin dugunez, gogorra izan bada ere, dena primeran joan da. 8 ordu ingurutan heldu ziren, atzo, espetxera.

Errodaia ere ezin hobea izan da, eta sortu diren arazoei aurre egiten jakin dute Zazpiak Bat produkzio lantaldeko kideek.

Jada, Granada-Errezil bide hartan murgilduta daude.

Laster berri gehiago!


2013(e)ko apirilaren 12(a), ostirala

Hasi da errodaia!

Dokumentalaren errodaia hasi dugu gaur Errezilen, eta primeran joan da. Ihintzaren zatia landu dugu gaur, eta benetan ondo egin duela esan beharra dago. Familiak beso zabalik hartu gaitu, eta gustu handiz parte hartu dute eskatu diegun guztian. Sentimenduak pil-pilean egon dira eta gure lanerako tonu egokia lortu dugulaz ziur gaude. Protagonista egokiak aukeratu ditugula ere argi dugu!

Bihar hasiko den bidaiarako azken xehetasunak ere zehaztu ditugu gaur. Ordu gutxi batzuk besterik ez dira geratzen Granadarantz abiatzeko eta dena prest egon behar da! Bidaiaren inguruan idazten saiatuko gara hurrengo orduetan. Momentuz hemen dituzue gaurko errodaiaren irudi batzuk.




2013(e)ko apirilaren 11(a), osteguna

Proiektuaren aurkezpena!

Bidaia hasteko egun bat falta dela, proiektuaren aurkezpena egin dugu gaur ikus-entzunezkoan jarduten duten Aida Vallejo, Nerea Etxaniz eta Aiala FernĆ”ndezen aurrean. 

Aurreratu bezala, Yuri eta Izaro izan dira pitchina egin dutenak, eta hobetzeko gauzak ditugun arren, ongi egin dutela esan diete hiruek. Aholkuak ere eman dizkigute. Asko eskertzen ditugunak, esan beharra dago. Horien artean, "Manual para fabricar un terrorista" (Tereza ReichovĆ”, 2010) dokumentala ikustea. Etxeko lana dugu beraz! 

Aurkezpena egiteaz gain flyer bat ere banatu diegu. Hementxe uzten dizuegu zuei ere, dokumentalaren inguruan gehiago jakin dezazuen! 

Ez ahaztu proiektua aurrera eramateko 2€ BONO-LAGUNTZAK atera ditugula!! Animatu eta lagundu proiektua aurrera ateratzen!


2013(e)ko apirilaren 10(a), asteazkena

Zergatik "Irria dario haizeari" izenburua?

Aurreko sarreran sekretutxo batekin utzi zintuztegun. Proiektuaren izenburuaren jatorria nondik zetorren jakiteko dokumentala ikusteko zain egon beharko zenutela esan genizuen. Baina gu ere kontatzeko amorratzen gaude, zergatik ukatu!

Kostata erabaki genuen gure proiektuaren izena zein izango zen: zenbakiak, hitz bat, esaldi tipiko bat... Azkenean, "Irria dario haizeari" esaldia jartzea erabaki genuen. Hona hemen arrazoia:

“Urte berriaren atarian,
hitzak dantzan, irria dario haizeari, 
mila desio askatasunari” 

Maritxu Uzkudun euskal preso politiko errezildarraren hitzak dira, gure dokumentaleko protagonistetako batek Granadako espetxetik idatzitako hitzak. Haizeak irudikatzen duen hutsunea bizi dute presoek eta euren senideek. Baina haizea behar dugu irri egiteko, eta aldebiko haizea dira bisitak. Sentipenetatik idatzitako poema bat da, esperantzaz, irri batez. Denok egiten baitugu irri, eta denok kutsatzen baikaitu irriak.

Gure proiektuan ere, irria eta haizea, maitasuna eta hutsunea lotzen saiatuko gara.

Bestetik, Naiz agerkari digitalean, Jostari blogariak gure proiektuari aipamena eginez sarrera bat idatzi du, hemen duzue ikusgai!

2013(e)ko apirilaren 8(a), astelehena

Pitching-a prestatzen

Gaur berriz ere batu gara Zazpiak Bat produkzio taldeko kideak, ostegun honetan gure proiektua aurkezteko egingo dugun pitching-a prestatzeko asmoz. Ezinhobe doa dena, eta proiektuari forma ematen dioten zenbait xehetasun lotu ditugu dagoeneko. Proiektuarekiko duten inplikazio maila eta jendaurrean hitz egiteko duten gaitasuna direla eta pitching-a Izarok eta Yurik egitea erabaki dugu. Ostegunean kontatuko dizuegu zer moduz joan zaien!

Aurretik komentatu bezala grabaketa ostiralean hasiko dugu, Ihintzaren zatiarekin. Gidoia, galdetegia, lokalizazioak eta abar prest ditugu hortaz. Gaurko berririk hoberena, hala ere, dokumentalaren izena erabaki dugula da: Irria dario haizeari. Izen honen jatorria dokumentalean bertan ezagutuko duzue. Itxaron beharko, beraz!

Itxaronaldia eramangarriagoa suerta dakizuen hemen duzue dokumentalaren aurrerapen txiki bat:



2013(e)ko apirilaren 7(a), igandea

Emakumea eta kartzela

“Nik aukeratu ez nituen bi gauzek norabidetu dute nire bizitza: Nazio zapaldu batean eta emakume jaio izana”.

Honakoak Gioconda Belli-ren hitzak dira, baina berdin berdin izan zitezkeen euskal emakume preso batenak. Kartzelak ere, dena bezala, gizonezkoentzat eraikiak izan baitziren. Hitz egin genezake kartzelaratua den emakume baten amatasunaz, sexualitateaz, eguneroko bizipenez, irainez, biolentziaz.... 

Egokiagoa iruditu zaigu, ordea, lehen pertsonan bizi izan duten hiru emakumeren bizipen propioak hona ekartzea. Azpian duzuena, 2012ko abenduaren 18an Bilboko Kafe Antzokian burututako mahai ingurua da, Euskal Herriko Bilgune Feminista eta Herrira mugimenduak elkarlanean antolatua. Hizlariak, berriz, Olatz DaƱobeitia, Larraitz Ugarte, Irati Tobar eta Ainhoa Gutierrez preso ohiak dira. Benetan gomendagarria. 


2013(e)ko apirilaren 5(a), ostirala

Protagonistak hurbiletik



Ez da erraza mendi artean galdutako herri txiki batera iristea. Are zailagoa bidea ezagutzen ez duzunean. Halakoa izan zen asteazkeneko bidaia. Nora joango, zer topatuko, nor ezagutuko… ekin genion bideari. Erniope elkartean eginiko bileraren ostean abiatu ginen Ezamaun baserrira, gure protagonisten etxera. Bertan aurkitu genituen hiruak, mahaiaren bueltan eseri eta kontu-kontari. Hiru belaunaldi, hiru begirada eta milaka amets. Badute zer kontatua, badugu zer entzuna.


Bazuten proiektuaren berri, baina zehatzago aurkeztu genien, eta eskuzabalik hartu zuten, geu bezalaxe. Beraiek berriz, euren bizipen gazi-gozoak kontatu zizkiguten, irribarrez, esku keinuz, eta batez ere, indarrez lagunduta. Ia 900 kilometrora preso dagoen senitartekoaren oroitzapenak ere ez ziren falta izan. Bidaiako asteburua antolatzeari ekin genion gero. Egun oso bateko joan etorria daukagu aurretik, 40 minutuko bisita bat egin ahal izateko.

Bi ordu eta erdi igarotzerako maitemindu ginen gure pertsonaiez. Kosta egin zitzaigun elkar agurtu eta etxerako bideari ekitea. Hala esan zigun amonak, bina musu eman ostean: "maite zaitezte". 

Berriro beraiekin elkartzeko data zehaztua dugu: apirilaren 12a.

Bidaia hastera doa…

2013(e)ko apirilaren 4(a), osteguna

Errezil

Proiektua aurrera doa! Atzo, apirilak 3, Zazpiak Bat produkzio lan-taldeko kideak Errezilera hurbildu ginen. Lokalizazio garrantzitsuena bidaia bera bada ere, dokumental honetan, Errezil herriak badu bere lekua. Izan ere, horiek izango dira gure bi lokalizazio nagusiak.



Goizean, herria ezagutzeko aukera izan dugu, eta gero, lokalizazio zehatz batera joan gara, Erniope Elkartera. Hau da, gure protagonisten elkartera. Bertan, lekua aztertu eta lokalizazio orriak bete ditugu. Horrez gain, baimen-orriak betetzeko aukera ere izan dugu. Hor geundela aprobetxatuz, gainera, lana aurreratzeari ekin diogu. Esan daiteke, jada, azkenengo gidoiaren ideia zehatz bat finkatu dugula. Gaiei nola heldu ere zehaztu dugu: zer galdetu, nori, zein ordenean...




Bestetik, hain garrantzitsua izango den giro soinua berrikusi dugu, nagusiak zerrendatuz.

Azkenik, lan plangintza bat zehaztu dugu.
Grabazioari dagokionez, hauek dira data garrantzitsuenak:

  • Apirilak 12, ostirala: Ihintzaren grabazioa (bitxiak egiten, bere zaletasuna da) 
  • Apirilak 13, larunbata: BIDAIA (Begoren grabazioa) 
    • Abiatu: goizeko 03:00etan
    • Maritxurekin bisita: arratsaldeko 17:00etan
  • Apirilak 19 edo 26 / maiatzak 1 edo 3 (zehazteko): Amonaren grabazioa (loreak txukuntzen edo baratzean)
Grabazio egunez gain, pitching-a prestatzeko eguna ere zehaztu dugu! Astelehenean ekingo diogu izugarrizko pitching-a prestatzeari!

Azkenik, kontuxo batzuk zehaztu ditugu, behingoan. Material lista, batetik (unibertsitatean eskatu beharrekoa, gure kabuz lortu beharrekoa, utzi behar digutena, eta abar) eta gure finantziazioa, bestetik. Izan ere, bidaia ordaintzeko, Zazpiak Bat-eko produkzio lantaldekoek 2€ko BONO-LAGUNTZAK aterako ditugu. Prest ditugunean abisatuko zaituztegu. Animatu eta lagundu proiektua aurrera ateratzen!

Bestetik, Azpeiti inguruan dirulaguntzak lortzeko mugitzen hasi gara.

Hemen uzten dizuegu gure bileraren argazkitxo bat, Erniope Elkartean, Errezilen.




Eta gaur ere sorpresa bat dugu zuentzat...........Bai! Gaur gure protagonistekin bildu gara! Baina bihar arte itxaron beharko duzue gure hiru emakumeak ezagutzeko.

2013(e)ko apirilaren 2(a), asteartea

838 kilometro


Euskal preso politikoak euren etxeetatik ehundaka eta ehundaka kilometrotara sakabanatuta daude. Baina ez dira presoak soilik sakabanaketaren ondorioak pairatzen dituztenak. Euren senideek, astebururo astebururo bidean bizitza arriskuan jartzera kondenatuta daude, bisita bat egiteko joan etorrian milaka kilometro egitera kondenatuta.

Bizitza arriskuan jarriko duena izan liteke bere alaba ikustera doan ama, edota  ahizpari herrian gauzak nola doazen kontatzera doana, edota izebari muxu bat oparitzera doan iloba


838 kilometro. Erraz esaten den zifra da, erraz irakurtzen dena, baina ez da batere erraza maite duzun norbaitengandik 838 kilometrotara egotea.  Maite duzun hori ukitzeko, ikusteko… milaka kilometro egin behar izatea.

Guk ere 838 kilometroko bidaia egingo dugu. Dispertsioak eragindako milaka sentimenetan barrena bidaiatuko dugu.

9 egun geratzen dira! 

2013(e)ko martxoaren 31(a), igandea

Ideiak bidaian

Lagun batek gure bloga ikusi eta ondorengo abestia gomendatu digu dokumentalerako. Sentimenduak plazaratu nahi ditugu dokumentalean, eta berarentzat abesti hau motibantea eta erdi-tristea da aldi berean.







Lagun honek egin duen bezala, zuk ere zure ideiak bidali ahal dizkiguzu!! 
Abesti bat dela edo dena delakoa... BIDALI!!


doku.zazpiakbat@gmail.com

2013(e)ko martxoaren 29(a), ostirala

Pertsonaiak


Hiru pertsonaia nagusi izango ditu dokumentalak; hiru emakume, hain zuzen. Familia bereko hiru generazioren parte dira, eta pertsona bat dute hiruek komunean: Granadan preso dagoen senitartekoa. Presoaren ama, ahizpa eta iloba izango dira, hortaz, dokumentalean agertuko diren pertsonaiak. Presoa, berriz, agertuko ez dena, baina uneoro presente egongo dena.


23 urte daramatza aipaturiko emakumeak preso, eta hainbat espetxetan eduki dute urte hauetan. 2009an bete zuen ezarritako zigorra, baina Parot doktrina aplikatu eta 30 urtera luzatu zioten zigorra.

Ahizpa da apirilaren 13an bisitan joango zaiona, lagun batekin batera, eta bisita horretan lagunduko diegu, Euskal Herritik Granadarainoko bidea nola bizi duten ikusteko, eta erakusteko. Ahizpa bera ere preso egona da. Espetxean 18 urte igaro ondoren, 2006an atera zuten kalera. Bera ere, hainbat espetxetan eduki zuten.

Presoaren ama eta iloba, euren egunerokotasunean erakutsiko ditugu. Ama noizbehinka joaten da alabari bisita egitera, baina ez nahi bezain bestetan, Euskal Herritik Granadarainoko bidea luze egiten baita… Iloba amonarekin batera bizi da, eta artisau modura egiten du lan, azokaz azoka pitxiak saltzen. Izango du zeresana, izebaz gain ama ere izan baitzuen preso.

2013(e)ko martxoaren 27(a), asteazkena

Helmuga



Hamabost egun falta zaizkigun honetan, ideia apurka forma hartzen ari da.

Argazkian ageri den kartzela da gure helmuga, baina bidea eta bidaia axola zaizkigu gehiago!
838 km Euskal Herritik Granadara, 8 orduko bidaia...




Eta, nola ez, bidaiariak! Apirilaren hasieran elkartuko gara dokumentalean ageriko diren pertsonaiekin.

Laster berri gehiago!!

2013(e)ko martxoaren 20(a), asteazkena

Hasi gara bidea egiten...


Hasi gara bidea egiten. Dokumental bat helburu, ideiak biltzeko brainstorminga egin dugu. 
Zazpiak Bat produkzio taldea gara. 

                                       

Ideia asko izan ditugu: elikadura, amatasuna kartzelan, artzaintza, AHT... Azkenean zerrendan ez zegoen ideia bat aukeratu dugu.

Sentimenduak plazaratu nahi dituen bidaia bat egingo dugu! Data APIRILAK 13!!

Brifinga eginda dugu. 
Orain planninga egiten gabiltza...

Laster berri gehiago!!