2013(e)ko apirilaren 22(a), astelehena

Napoka Iria


Blog honen sarreretan, sarritan aipatu dugu Irria Dario Haizeari dokumentala sentimenduetan oinarrituko dela; Maritxuren familiakoen sentimenduak azaleratu nahi ditugula. Eta zer hoberik sentimenduak azaleratzeko, musika baino? Nola ez, gure dokumentaleko atal garrantzitsua izango da musika ere. Hainbat aukerari bueltak eman ondoren, Napoka Iria taldearen musika erabiltzea erabaki dugu. Landuko dugun gaia janzteko, aproposak iruditzen zaizkigu talde gipuzkoarraren doinuak. Gogo onez eman digute beren musika erabiltzeko onespena, eta, hemendik, gure eskerrik beroenak.



Miren Narbaiza eibartarrak eta Ander Mujika elgoibartarrak osatzen dute taldea, 2005az geroztik. “Lehertarazi edifizioak” diska kaleratu zuten 2011. urtean. Hamar abestiz osatutako lana da: taldearen kantu zaharrak, berriak eta hainbat bertsio.   Bikoteak ez du euren burua estudioetako talde modura ikusten, zuzeneko talde gisa baizik. Horregatik, azken lan hori Bergarako Zabalotegi antzokian grabatu zuten, zuzeneko kontzertu batean, estudiotik kanpo.

Bere buruari etiketak jartzea ere ez dute oso gustoko, baina, euren hitzetan, “folk-rock akustiko” modura definitzen du haien inguruko jendeak Napoka Iriaren musika. Dena den, egiten duten musika definitzen hastea baino, hobe zuek entzutea. Taldearen Myspace kontuan azken laneko abesti guztiak entzun daitezke: http://www.myspace.com/napokairia.

Aurten, gainera, “ Itzal itzazu argiak” proiektuan hartu dute parte. Komikia eta blues musika uztartzea da proiektuaren helburua. Xabier Sagastak blues kanta klasiko bat hartu, eta komiki edo marrazki bat egiten du. Horrez gain, euskal taldeei eskatzen die kanta horren bertsio bat egiteko. Napoka Iriak bi kanta bertsionatu ditu proiektuaren barnean. Hemen dituzue entzungai: http://napokairia.bandcamp.com/album/itzal-itzazu-argiak-2


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina